Plentziak G.J.M. 27 urteko gaztea hil da gaur goizeko 12:40an Amurrion, bidaiatzen zuen hegazkin txikia lurraren kontra puskatzean. Berarekin zihoan 24 urteko J.S.V. Zaratamoko mutila larri zauriturik irten da. Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, bi hegazkinlariak larrialdiko lurreratzea egiten saiatu dira, aireontziko motorrean matxura bat izan ondoren. Istripua Amurrioko ur biltegitik gertuko lur-sail batean jazo da. Aurretik, irten diren Loiuko aireportuko kontrol dorreari hegazkinaren motorreko matxuraren berri eman diote bi mutilek. Abioia, bi pertsonentzako DA20 Katana modelokoa, pilotuen trebakuntzan murgiltzen den Aero Link enpresakoa zen. Izan ere, plentziarra hegaldi-irakaslea zen eta zaratamoarra bere ikaslea. Suhiltzaileek, osasun-zerbitzuek, larrialdietarako teknikariek eta poliziek ezin izan dute ezer egin Plentziako gazteari bizitza salbatzeko. Halere, Zaratamoko gaztea egonkortzen lortu dute, Gurutzetako ospitalera eraman baino lehen. Anbulantziaz garraiatu dute, airez eramatea osasunerako arriskutsua izan litekeelakoan. Argazkian, hegazkinaren hondakinak / ©
EITB.