"Herriaren gosea, herriak asetu!" lelopean, urriaren 29an, larunbata, egingo dute Algortako Bihotz Alai plazan Indabadaren 12. edizioa. Eta dagoeneko Algortako Gazte Asanbladak (AGA) prest dauka egun horretarako egitaraua: babajan eguna 10:00etan abiatuko dute, diana, sagardo txotxa eta Gibelurdinek taldearen musika animazioaren bitartez, gero herri kirolekin jarraitzeko eguerdi aldean. Aurreskua eta ekitaldia bazkalaurretik egingo dituzte eta, sabelak bete ondoren, Indabadaren bazkari erraldoia aterako da. Plaza ganoraz bildu eta atondu ostean, poteoaren ordua helduko da, baita herriz aldatzeko tenorea ere, jaialdiak Getxoko
Txorimalo gaztetxean jarraituko baitu, urteroko gaupasa dela medio. Txartelak 8 eurotan daude salgai Amnistia eta Katilu tabernetan, Eztabaida gunean eta Txorimalo gaztetxean.