Lutxana eta Sondika arteko tren zerbitzua berriro martxan jartzea eskatu dio beste behin ere
EuskoTren garraio enpresari
Erandioko Udalak. Metroarekin lotura izanda, inguru horretan bizi diren herritarrek zein gertu lan egiten dutenek zerbitzua izango lukete joan etorriak baldintza ekologikoagoetan egiteko, udal iturrien arabera; ez bailukete autorik erabili behar izango. Gainera, kontuan hartzekoa da etorkizun hurbil batean beste industrialde batzuk ere eratuko direla zonalde horretan. EuskoTrenek eskaera begi onez ikusiko balu, ibilbideko geltokiak txukuntzeko neurriak hartzea "interesgarritzat" jo dute agintari erandioztarrek, bidaiariei zerbitzu duina eskaintzeko; bai eta Carrefour eta Makro merkataritza guneetatik gertu beste geltoki batzuk sortzeko aukera aztertzea ere. Hilaren 11ko bilkuran hartu zuen erabakia Erandioko Gobernu Batzarrak eta, horri jarraiki, Joseba Goikouria alkate jelkideak izenpetutako gutuna helarazi diote EuskoTreni. Argazkian, Erandioko Lutxana auzoko geltokia 2011ko irailean bota zuen Euskotren garraio enpresak. Bertan, Telmo "Zarra" Athletic-eko jokalaria jaio zen / © Erandioko Udala.