Astrabuduko Josu Murueta plazan kokatutako udal informazio pantaila elektronikoa "utzita" daukatela salatu du Erandioko
PSE-EEk. Juan Otermin bozeramaile sozialistak gogoratutakoaren arabera, E Planaren 12.000 euro erabilita, 2010eko uztailean jarri zituen udalerrian horrelako lau azpiegitura Udalak, Interneterako sarbide eta guzti. "Urtebetera, besteak beste, Astrabuduko pantailaren egoera erabat lotsagarria da: hilabeteak daramatza funtzionatu barik, ez dute garbitzen, txistua eta mota guztietako lohikeriak aurki daitezke pantailan. Egoera tamalgarria da. Kartelak eta pegatinak jartzeko baino ez du balio", Oterminen hitzetan. Bestalde, wifi konexioa "nahiko ezegonkorra" dela diote PSE-EEkoek. Altzagako pantailari dagokionez, informazioa behar bezain beste berriztatzen ez dutela adierazi dute. Gauzak horrela, garbiketa, mantenu eta, "existituko balitz", informazio eguneraketa lanak erregularki egitea eskatu diote Joseba Goikouria alkate jelkideari. Argazkia: © PSE-EE.