Beldur Barik kanpaina EUDEL Euskal Udalen Elkarteak martxan jarri du, Berdinsarearen bidez; eta Emakunderen, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzada dauka. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EiTBren lankidetza du.
Beldur Barik Jarrera lehiaketari dagokionez, lanak aurkezteko epea (posta elektronikoz jarrera[abildua]beldurbarik.org helbidera bidalita) azaroaren 11n itxiko da. Bi kategoria izango dira. Bat 12 eta 17 urte arteko neska-mutilei zuzenduta; eta bestea, 18 eta 26 arteko gazteei zuzenduta. Kategoria bakoitzean 1.000 euroko saria emango da. Udal batzuek tokian tokiko sariak ere emango dituzte. Aurtengo berrikuntzen artean, lan guztiak (lehiaketak oinarri hartzen dituen printzipioen kontra doazenak izan ezik) http://www.beldurbarik.org webgunean jarriko dituzte ikusgai. Webgune horretan herri-bozketa egingo da (bi kategorietan aurkeztutako lanak bilduko dira) eta boto gehien jasotako lanari 300 euroko herri-saria emango zaio.
Beldur Barik jarrera
Lanek Beldur Barik jarrera transmititzea da garrantzitsuena; hau da, eraso sexistei aurre egiten dien eta berdintasunezko harremanen alde egiten duen jarrera. Hori dela eta, edonolako formatuak onartuko dira: ekintzak, ideiak, bideoak, argazkiak, proiektuak, musika, dantza, argazkigintza, performancea, eskultura... Banakoen, taldeen, kolektiboen, ikastetxeen edo ikasgelen lanak aurkeztu ahal izango dira.
Bigarren edizio horren helburuetako bat ikastetxeen partaidetza ahalbidetzea da. Bestalde, aurten tokian tokiko ekimenen garapena sustatzearen alde ere egingo dute udalek. Tokian tokiko sariez gain, Beldur Barik programaren barruko sentsibilizazio- eta trebakuntza-ekintzak jarriko dira abian, esaterako, graffiti-tailerrak, ikus-entzunezkoak edo sexualitate-tailerrak, betiere indarkeriarik gabeko harremanak sustatzera bideratuta eta gazteen ahalordetze eta autonomian oinarrituta.