Graduko prestakuntzaren barnean, laborategi horri esker, ikasleek aukera izango dute trebetasun kirurgikoetan prestatzeko, benetako pazienteekin aritu aurretik. Garcia Alonso irakasleak aipatu duenez, "ikasleek aukera izango dute, besteak beste, sutura kirurgikoak egiteko, hesgailuak jartzeko, besikula-zundak jartzeko, oinarrizko suspertze kardiobaskularra egiteko, desfibrilazio automatikoa gauzatzeko edo ebakuntza-gelaren oinarrizko funtzionamenduaz jabetzeko", hori guztia laborategiak duen errealitate birtualeko simulagailuari esker. "Halaber, komunikazio-trebetasunetako gela ere badugu, mediku-paziente harremanetan ikasten jarduteko", gaineratu du Garcia Alonso irakasleak. Gradu ondoko ikastaroetarako aplikazioei dagokienez, laborategiak esku ematen du ikasleek oinarrizko trebetasunak ikas ditzaten mikrokirurgian, laparoskopian eta neuronabigazioan.
"Tresneria bagenuen gutxi gora behera osaturik" -dio irakasleak- "dena den, iazko azaroan Maastricht-eko unibertsitatera egin genuen bisitaldia eta gero, ikusitakoa ikusirik, azkenik guk ere lortu dugu haien mailara heltzea". Horixe adierazi du Garcia Alonso irakasleak, eta gaineratu du EHUko ikasleek simulagailu "bikaina" izango dutela, munduko aurreratuenetarikoa. "Simulagailua egiten urte bete eman dugu, baina merezi izan du", dio harro unibertsitate irakasle horrek.
EHU aurrendari izan da laborategi hori gauzatzeko lankidetza-ereduan. Izan ere, horretan lankide izan dira Medikuntza Fakultatea, Gurutzetako Ospitalea eta Ortovas Medica SL enpresa pribatua. Lankidetzarako eredu horren bitartez, ikasleei aukera eman nahi zaie gaixoekin zuzenean aritu aurretik behar besteko prestakuntza izan dezaten eta oinarrizko trebetasunak eskuraturik izan ditzaten. "Trebakuntza praktikoa orain antolaturik, ebaluaturik eta akreditaturik dagoela" zehaztu du Garcia Alonso irakasleak.
Ikastaro aitzindaria abiadura handiko zutabe motorrei buruz
Ildo horretatik, bada, EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateak, Gurutzetako ospitaleko Neurokirurgia Sailarekin eta Midas Rex Institute deritzonarekin batera, abiadura handiko zutabe motorrei buruzko lehen Midas Rex ikastaro praktikoa antolatu du. Arlo horretako teknologiarik aurreratuena baliatu ahal izango da, Medtronics-ekoek gaur zein bihar beraien makinaria lagako baitiote unibertsitateari, ikastaroan irakaskuntza-tresnatzat erabiltzeko.
Ikastaroan zehar, ikasle bakoitzak, lehenik eta behin, abiadura handiko motorren ezaugarri eta aukerak ezagutuko ditu. "Motor horiek hezurrak zulatzeko erabiltzen dira; zenbat eta abiadura handiagoa lortu, hainbat eta zehaztasun hobea", adierazi du Garcia Alonso irakasleak. Parte hartzaileek inguru seguruan ikusi ahal izango dituzte zutabe-kirurgian dauden aplikazio teknikoak, baita kirurgia errakideorako garatu diren teknologia berriak ere.