Urdulizko Udala Sabino Arana plaza berriztatzeko pausuak ematen ari da. Kultur etxe zein haur eskola inguruan kokatutako lorategia hiruki formako hainbat berdegunetan banatuko dute, erdigunea plaza bera izango dela, tokiko iturriek azaldu dutenez. Horietako bakoitzean kolore ezberdinetako arrosondoak landatuko dituzte, ingurua edertzeko asmoz. Gainera, lorategietako batek hartuko du egun tokian dagoen “Zazpiak bat” izeneko eskultura. Nabarmenago egiteko argiztatu ere egingo dute artelana. Lorategien arteko bideak izar eran ipiniko dituzte, erdiko plazatik abiatuta, inguruko azpiegituretara zuzenduz: kultur etxea, haur eskola, etorkizuneko lorategi botanikoa edo Marineorta parkea, osasun zentro berria... Udalak Construcciones Fhimasa SA enpresari agindu dizkio lanak, 310.000 eurotan. 2012rako amaituta egongo omen da plaza. Argazkia: © Urdulizko Udala.