Azaroaren 9an Bilboko epaitegian aurkeztu beharko dira Algortako Gazte Asanbladako (AGA) bi kide, Kukutza III gaztetxea eraitsi eta ondorengo egunetan izandako protestetako bat bukatuta identifikatuak izan ostean. Irailaren 24an, larunbata izan ziren gertaerak, Errekaldeko plazan egindako kontzentrazioa amaituta. AGAk UKBERRI.NETi azaldu dionez, Casilla aldean metro geltokirantz zihoazela, Ertzaintzaren patruila bat heldu eta zuzenean joan ziren poliziak Algortako mutiletako batengana. Hori ikusita, gerturatu egin ziren gainontzeko gazteak eta "alde hemendik" esaka hasi zitzaizkien modu txarrean ertzainak, gazte asanbladako kideen arabera. Arrapaladan heldu zen "istiluen kontrako" furgoneta eta, bildutakoen korrikaldiak tartean, pare bat pilotakada ere jaurti zituzten. Orduan harrapatu zuten Algortako neska bat. Esan bezala, epaiketa izango dute bi gazteek azaroaren 9an, goizeko 10ak aldera, poliziak "iraintzea" egotzita. Argazkian, Ertzainak Kukutza aurrean, 7.000 lagunen manifestazioaren aurka gogor oldartu baino lehen / © Bilboko Branka.