"Zer dela-eta auzitara? Enpresaren ustez, gutxieneko zerbitzuak bete behar dituzten langileek, aldi berean, greba ere egin dezaketelako. Gu ez gatoz bat horrekin", adierazi du Metro Bilbaoko LAB sindikatuak. Alderdi bakoitzak bere arrazoiak azaldu zituen astearteko ahozko zaioan. "Kontua ez da egun haietako tentsioek eragindako egoera haien erruduna bilatzea, ez da hori gure asmoa. Kontua, gure iritziz, joko-arauak behingoz argitzea litzateke, etorkizunean berriro halakorik gertatuko ez bada", aipatu dute sindikatu abertzaleko ordezkariek. "Gauzak argitzeko eta hurrengoan horregatik behintzat liskarrik ez izateko", Greba Batzordearen demanda onartuko delakoan dago langile erakundea. Fiskala bera ere demanda onartzearen alde azaldu da, gainera, LABek jakinarazi duenez.
Irregulartasunak hautaketa prozesuetan
Beste gai batzuetara igaroz, LAB Metro Bilbaok aditzera eman du orain bi astearte, hilaren 11n, idatzia eman zietela eskura Bizkaiko Batzar Nagusietako talde politiko guztiei (EAJ, Bildu, PSE-EE eta PP), “bezeroei begirako lanpostuak” betetzeko azkeneko lan-deialdietan izandako "irregulartasunen" berri emateko. Horren bitartez, metro konpainiako zuzendaritzari prozesu horiei buruzko argibideak eskatzera premiatu zituzten aipatu alderdiak; baita prozesu horietan gastatutako diru-publikoa justifikatzera ere. Horri jarraiki, idatziz erantzuteko hainbat galdera egin dizkio Bilduk Herrilan eta Garraio diputatuari.
Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako EAko ordezkari Juanjo Agirrezabalak beste galdera-sorta bat egin dio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioen sailburu Iñaki Arriolari, "irregulartasun horiek argitzeko, Eusko Jaurlaritzak gestio horretan duen arduraren partetik". "Bien bitartean, Metro Bilbaoko zuzendaritzak, prozesua gelditu beharrean, aurrera segitzen du. Zehazki, astelehenetik ostegunera, azterketak egitera deitu ditu balizko hautagaiak Gallartako El Campillo industrialdera", LABek salatu duenez.