"Ez dugu denboraldi baterako lekua nahi, baizik eta leku finko bat, non hurrengo belaunaldiek ere antolatu ahal izango diren", nabarmendu dute Plentzia ta Gorlizko Gazte Asanbladako kideek. Gauzak horrela, pasaden astean, San Antolin jaietako argazki proiekzioarekin eman zioten hasiera "Asmatu zure formula" izeneko kanpainari. Ekitaldian koadrila desberdinak bildu zituzten. Guztira 70 pertsona batu ziren. Horretaz gain, kanpainari hasiera ematen dion bideoaren aurkezpena egin zuten.
Hurrengo hilabetetan, berriz, ondoko ekimenez gozatzeko aukera izango dute tokiko neska-mutilek:
Urriak 28, ostirala
Kukutza gaztetxearen inguruko hitzaldia.
"Kukutza eredu bat bezala ikusi dugulako eta honen hustuketak sortu duen asalduragatik, funtsezkoa ikusten dugu Kukutzaren inguruko kasua gurera ekartzea".
Azaroak 11, ostirala
Haurtzaroa gogoratuz.
"Kaleak berreskuratzeko asmoz eta herri gazteez betetzeko asmoaz, gure haurtzaroan egiten genituen jolasetan arituko gara. Gaur egun, ikusten baitugu haur eta gazteen presentzia kaleetan gero eta murritzago dela eta isolatzerako joera daukagula".
Azaroak 25, ostirala
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguneko kontzentrazioa.
"Egoera hau aldatzeko gazteon inplikazioa ezinbestekotzat jotzen dugu".
Abenduak 3, larunbata
Euskararen Eguneko bertso hop edo bertso afaria (oraindik zehaztu gabe).
"Euskara bultzatzeko eta beste eredu kultural bat bultzatu nahian".
Abenduak 17, larunbata
Nolako gaztetxea nahi dugu? Topaketak. Kanta poteoa.
"Bertan gazteak zein eragile desberdinak gonbidatuko ditugu etorkizunean egongo litzatekeen gaztetxearen funtzionamendua hobea izateko eta orain arte zuen ustez egin diren akatsen inguruan eztabaidatzeko".
"Horrenbestez, Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladatik zuen formula azaleratzeko, asanbladan eta ekimen desberdinetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. Gurea ez delako formula bakarra, guztion beharra delako asmatu zure formula!".
"Asmatu zure formula" kanpainaren aurkezpen bideoa (© Plentzia ta Gorlizko Gazte Asanblada)