Euskal Fondoa elkartean biltzen diren "sentsibilitate politiko ezberdinek" erakunde horren presidente izateko hautagai izendatu dute Imanol Landa Getxoko alkatea, udal iturriek adierazi dutenez. Horrela, 2007ko urriaz geroztik bertoko buru izan den Alberto Ruiz de Azua Arrigorriagako alkate ohiaren txanda hartuko luke Areetakoak. Hain zuzen ere, larunbat honetan, Algortako Fadura kiroldegiko batzar aretoan berrituko ditu bere gobernu organoak lankidetzan diharduten Hego Euskal Herriko 97 toki erakunde -Basaburuako Udala da Nafarroako ordezkari bakarra- biltzen dituen Euskal Fondoaren Batzar Orokorrak. Udal eta foru gobernuak eratu osteko lehen osoko bilkuran, 2011-2015 aldian Zuzendaritza Batzordean jardungo duten karguak izendatuko dituzte. Era berean, 2007-2011 aldian elkarteak bere lan eremuan jorratutako jardueren balantzea egingo dute.