Imanol Landak gaineratu zuen Euskal Fondoa ez dela gobernuz kanpoko erakunde bat, “baizik eta lankidetzan diharduten euskal erakundeen elkartea, batez ere tokiko garapenean eta kontrako alderdiak proiektuak aurrera eramaten diren herrialdeetako tokiko erakundeak izaten direla”. Euskal Fondoa Hego Euskal Herriko 97 toki erakundek -Basaburuako Udala da Nafarroako ordezkari bakarra- osatzen dute, tartean udalek, administrazio juntek, EAEko hiru hiriburuek eta Arabako Foru Aldundiak. 2007tik 2010era, guztira, 7.663.631 euroko balioa izan zuten proiektuak eraman zituen aurrera, El Salvadorren, Nikaraguan, Guatemalan, Kuban eta Saharan. Horiekin batera, beste alor batzuetan ere lan egin zuen, besteak beste, Euskal Herrian bertan, heziketan eta sentsibilizazioan.
Konpromiso solidarioa
Azkenik, Euskal Fondoaren presidente berriak euskal gizartearen konpromiso solidarioa eskatu zuen, “krisi une hauetan nazioarteko lankidetzak dituen zailtasunez jabetzen garelako, baita herri administrazioek egin beharreko baliabideen murrizketaz ere”. Era berean, Imanol Landak dei egin zien oraindik Euskal Fondoko kideak ez diren udalei eta erakundeei, batzeko, “orain inoiz baino gehiago esfortzuak batu eta baliabideak koordinatu behar ditugulako, bultzatzen gaituen helburu solidarioan eraginkorragoak izateko, gutxi ugarik asko egiten baitute.”