Erandioko udaltzainek Jose Luis Goioaga kaleko gaztetxea desalojatu dute gaur eguerdian. Dozena bat udaltzainek hiru gazte identifikatu dituzte, guztiak zentro sozialaren kanpoaldean, eta kolpeka eta ostikadaka ireki dute atea. Inguruan bildutako auzokideek eta gaztetxetik ihes egin duen okupa batek eskatu arren poliziek uko egin diote desalojoari berme legala emango liokeen epai-agindua erakusteari. "Ez zutelako", Erandioko Gazte Asanbladak salatu duenez. Lokalaren jabeak jarritako balizko salaketa dagoela baino ez dute esan udaltzainek. Ostean, barruan izan den generadorea, eraikuntza eta garbiketa materiala eta kartelak bahitu dituzte, baita argazkiak atera dituen gazte baten sakeleko telefonoa. Bitartean, ertzainek, balen aurkako jaka jantzita, hainbat gazte erretenitu dituzte. 20:00etan asanblada eta ordu erdi beranduago manifestazioa ditu deituta EGAk. Bitartean, 40 bat gaztek elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean. Argazkian, atzoko irudi bat.