2012ko aurrekontuak prestatzeko batzordeak biltzen hasi dira EAJk zuzendutako Berangoko Udalean. Bildu koalizioaren arabera, tokiko erakundearen eta berangoztarren artean dagoen "distantziaren adibide argia" dira horiek: "azken urteetan oso informazio gutxi izan dugu aurrekontuen inguruan eta ez da auzokideen iritzia kontuan hartu", kritikatu dutenez. Diru-kontuen prestaketa herritarren parte-hartzean oinarrituta egon dadin, urriaren azken astean hiru bilera ireki antolatu ditu Bilduk, auzo guztientzako. Bertan, auzoen egoerari buruz hitz egingo dute eta auzokideek beraien ideiak emateko aukera izango dute, azaldu dutenez. Horrenbestez, asteazken honetan, hilak 26, Lantzarte, Karabigane eta Karabiazpiko bizilagunen txanda izango da. Ostegunean, Sabino Arana, Kurtze eta Moreagako herritarrena. Eta azkenik, ostiralean, hilak 28, Axgane, Basotxu eta San Anakoena. Batzar guztiak 19:00etan izango dira Berangoeta kultur etxean. Argazkian, herritarrak Bilduk Berangoko frontoian egindako hauteskunde ekitaldian / cc-by-sa Berangoko Bildu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!