Biharamunean, Oreya ahots mistoen abesbatza arituko da. Ukrainako talde ospetsu horren jarduera 1990ean hasi zen eta 30 bat sari lortu du egun arte, mundu osoko abesbatza lehiaketatan. Taldea abiatu zenetik Alexander Vatsek izan du zuzendari, munduko abesbatza zuzendari onenetarikoa omen dena.
Azkenik, ostiraleko saioan, Songmen ahots-baxuen seikote britainiarraz gozatzeko aukera izango dute zaleek. Nahiz eta lau urteko jarduera baino ez izan, ospe handia lortu dute "a cappella" taldeen artean, Erresuma Batuko agertokietan. Taldekideek eskarmentu handia dute eliza-musikan zein musika profanoan eta Errenazimentu eta egungo maisu handietan espezializatuta daude.
Errepertorio zabala
Aste Koralaren ardatza taldeen errepertorio zabala da, Getxoko Kultur Etxeko arduradunen arabera: "entzuleek konposizio klasikoez, garaikideez, herritarrez eta erlijio musikaz gozatzeko aukera izango dute", aipatu dutenez. Aniztasunaz gain, gonbidatutako taldeen kalitatea ere nabarmentzekoa da, nazioartean izandako arrakastek bermatzen dute hori. Azken finean entzuleei herrialde desberdinetako taldeak eta musika korala ikusteko modu desberdinak erakustea da ekimen honen asmo nagusia.
Asteazkenean, urriak 26, Getxoko 31. Aste Korala hasiko da. Ostiralera arte, Alemaniako, Ukrainiako eta Erresuma Batuko taldeek kantatuko dute Algortako Erredentore elizan. Kontzertuak 19:30ean hasiko dira eta, ohi bezala, sarrerak doakoak izango dira. Lehenengo egunean, Wolfrashauser haur-abesbatza arituko da. Talde alemaniar horrek 6 eta 16 urteko 40 ume biltzen ditu eta 1989an sortu zen. Ordutik hona hainbat herritan aritu da eta bitan atera da garaile "Deustche Chorwettbewerb" lehiaketa ospetsuan, haurrentzako mailan. Argazkian, Wolfrashauser haur-abesbatza / ©