Gaurko jai eguna ospatzen ari diren horiek ikuskizun lotsagarria eman dute azken egunotan. Batzuk gertakizunek gain hartuta ikusi ditugu, egoeraren aurrean egokitu nahian, direnak eta bi eginez; beste batzuk oztopoak jarri nahian segi dute, barregarri geratuz, ez bakarrik euskal jendartearen aurrean (horretara ohituta gauzkate), baita nazioartean ere. Bizi dugun momentu politikoaren garrantzia lerro artean irakurtzeko gaitasun eza erakutsi digute inolako lotsarik gabe, diskurtso zaharkitu eta antzuak mantenduz.
Egungo egoerak argi uzten du Patxi Lopezen Gobernuaren zilegitasun eta lidergo eza. Momentuko egoera politikoa interpretatu eta horren aurrean etorkizuneko ikuspegiz kokatzeko gaitasun eskasa erakutsi du lehendakariak.
Zoritxarrez, Gasteizko exekutiboaren ezgaitasuna aurretik ere ezaguna dugu euskal langileok; gure herria sufritzen ari den krisiaren aurrean urteotan erakusten ari den jarrera eta utzikeria dira horren erakusle.
Euskal langile klaseak gaur ez du ezer ospatzeko. Espero dugu, gainera, data hau lan egutegian gutxi batzuk gehiengo sozialaren gainetik posizio politiko bat markatzeko erabiltzen duten lehen eta azken aldia izatea.
LABek urte daramatza lan egutegi propioaren beharra aldarrikatzen, inposizio egoera hauek gainditzeko, izan ere, data jakin batzuen inguruan jai egunak inposatzean gatazka baten oinarriak azaleratzen dira, euskal herritarren gehiengoak gainditutzat eman nahi duen gatazkaren oinarriak.
Euskal Herrian, 2011ko urriaren 25ean
LAB sindikatua
www.labsindikatua.org