2010eko abenduan eraitsi zuten Plentziako foru egoitza. Hainbat hedabidetan agertu denaren arabera, "denbora dezente" pasatuko da Aldundiak eraikin berria egin arte. "Beraz, geratu den orubea ez da ezertarako erabiliko", Zuriñe Gaintza Jauregi Bizkaiko Batzar Nagusietako
Bilduren taldeburuak adierazi duenez. Koalizioaren aburuz, "Plentzian dagoen aparkalekurik eza arazo handia da, batez ere erdigunean". Hori dela eta, utzi duten orubea aldi baterako aparkaleku bihurtzea eskatu du Bizkaiko Bilduk, "hainbat arlotan eragin positiboa izan eta momentu honetan guztiz beharrezkoa" delakoan. Bide horretan, horixe bera eskatzeko arauz besteko proposamena aurkeztu dute talde independentista eta soberanista, Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskara Batzordeko bileran eztabaidatzeko asmoz. "Proiektua oso erraza da eta ez du eraginik izango aurrerago eraikiko den egoitzan; hau da, ez da oso garestia izango eta teknikoki oso sinplea da, bai egiteko, bai kentzeko", azpimarratu du Gaintzak. Argazkian, Plentziako udaletxea.