Ikasturteko bigarren hiruhilekorako, 25. urteurrenaren aipamen berezia egingo da “Neguko Bidaia” izeneko IV. Zikloan eta, hirugarren hiruhilekoan, Musikaren Festa egingo da Algortako Bihotz Alai abesbatzaren plazan. Horrez gainera, Andres Isasi Musika Eskolak logoa eta 25. urteurrenaren iragarki-pankartak diseinatu ditu (auditorioaren bi aldetan, eta fatxada nagusian jarriko direnak), hala nola, oroitzapenezko paperak. Josu Loroño Getxoko Udalaren Komunikazio zinegotzi eta Andres Isasi Udal Musika Eskolako presidenteak gaurko prentsaurrekoan esan duenez, “ospakizun honekin ikasleak eta irakasleak inplikatu nahi ditugu, hala nola getxotar herritarrak. Izan ere, betidanik, Getxok musika sentitu eta mimatu duelako”. “Asko dira”, gaineratu du tokiko agintariak, “musikarekin, eta hori entzuten, edo taldetan jotzen, ez bakarrik musika klasikoa edo korala, baita tradizionala eta modernoa ere, konpromisoa hartu duten pertsona eta taldeak. Beren aisialdia edo lanbiderako musika elementu garrantzitsutzat jotzen jarraitzen duten lagun eta taldeak daude”.
25 urte
Joxean Llorente Andres Isasi Musika Eskolako zuzendariak gogoratu du 1986an Juan Ramon Barquin alkateak —orain dela gutxi zendu zena—, “musikazale amorratua” zenak, inaugurazio proiektuaren lidergoa bereganatu zuela, hasiera batean Kontserbatorioa izango zenarena, alegia. Horretarako, Udalak Areetako antzinako "Casa Social" izeneko etxea, 1929an eraikitakoa, berreskuratu zuen. Era horretan, auzokide getxoztar askok Bilbora joateari utziko zioten euren ikasketa musikalak egiaztatzeko eta Getxon berton solfeo, koral, piano, biolina, txirula, klarinete eta saxofoia ikasteko aukera izango zuten. 1986/1987 ikasturtean 300 bat ikaslek hasi zituzten ikasketa musikalak 17 langilez osaturiko lantaldearekin.
Ordutik, gaineratu du Llorentek, Musika Eskolako ikasle eta irakasleen musika nabarmendu da ikasgela barruetan zein kanpoan: auditoriumean, elizatan, zaharren egoitzatan, Areetako eta Algortako kaleetan, gonbidatuta izan diren eta eurekin elkartrukeak egin duten beste udalerri batzuetan... Halaber, asko dira zentroko auditoriumean aritu diren artistak, emanaldiekin entzuleei gozatzeko aukera emanez: Joaquin Achucarro, Emma Gimenez, Javier de Solaun, Alejandro Zabala, Ainhoa Arteta, I Musici, Los Angeles Jubilee Singers, Nicolae eta Luminita Duca, jazz taldeak, Pariseko Cuarteto Via Nova, The Golden Gate Quartet, Pablo de Naveran, Iñaki Salvador, Inmaculada Martinez, Mario Clavell, Toru Kannari edo Jon Urrutia Quartet, besteak beste.
Aurrerapauso ugari
Azken urteetan, Andres Isasi Musika Eskola nahiko hazi da; bere langile kopurua egonkortu du 41 beharginekin; baita matrikulatutako ikasleen kopurua ere, 950 ikasleekin. Zentroaren proiektua ezaguna da eskaintzen duen heziketaren maila onagatik, dituen musika taldeengatik (bandak, txirula taldeak, orkestrak, fanfarreak, abesbatzak, jazz taldeak, gitarra taldeak, akordeoiarenak...) eta eskaintzen dituen beste ikasgaiengatik —musikoterapia, adibidez—, eta herritarrekiko duen konpromisoagatik.
Eskaintzen diren musika tresna espezialitateak ere gehitu egin dira: aipatutakoez gain, kantua, musikoterapia, gitarra, biola. biolontxeloa, kontrabaxua, oboea, fagota, tronpa, tronpeta, tronboia, tuba, perkusioa, txistua, akordeoia, trikitia, alboka, txalaparta, panderoa eta perkusio tradizionala... Etorkizunari begira, Musika Eskolak kalitatezko eskaintza areagotzea aurreikusi du, bai Areetan, bai Algortako erdigunean egingo den Getxo Antzoki berrian egokituko diren instalazio berritzaileetan.