Larunbat honetan, urriak 29, Herri Kirolen Eguna egingo dute Algortan eta Getxon. Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak antolatu du ekimena,
Itxartu Taldearen laguntzarekin. Horrenbestez, goizeko saioan, Algortako batzokiko jolasgunean izango dira ekitaldiak, 12:30etik aurrera. Bertan, gizonezko trontzalari bost bikote (Unai Ardeo getxoztarra tartean dela), emakumezko trontzalari pare bat eta gizonezko aizkolari zazpi bikote arituko dira, Bizkaia mailako hiru txapelketetan. Horiekin batera, Mallabiako Herri Kirol Eskolak erakustaldia eskainiko du; eta 14 urteko Otxandioko Urdax Magunazelaia 170 kiloko harri laukizuzena altxatzen saiatuko da, adin horretako errekorra ezarri nahian. Arratsaldeko saioari dagokionez, idi probak izango dira Getxoko Andra Mari probalekuan, 18:00etatik aurrera. 3.200 kiloko harri handia mugitu nahian, ondokoak izango dira akuilariak: Josu Arteagoitia eta Joseba Bizkarregi erandioztarrak, eta Iñigo Aurrekoetxea loiuarra. Argazkian, trontzalari bat.