Eusko Ikaskuntzak historia egin duten euskal emakumeak izango ditu ardatz abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunean. Halaber, ENE Sariaren seigarren edizioan, euskara sustatzeko lanetan gehien nabarmendu den kanpoko erakundeari egingo zaio aintzatespena. Gaur aurkeztu da Donostian Euskararen Nazioarteko Egunaren (ENE) edizio berria. 1949an Eusko Ikaskuntzaren baitan sortutako ekimena izanik, urtero, abenduaren 3an, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzea du xede. Aurten, Euskal Herriko historia, era batean edo bestean, markatu duten emakume guztiei omenaldia egin nahi zaie. Guztira, Euskal Herriko historiaren garai ezberdinetako eta diziplina eta jarduera eremu anitzeko 44 emakume aukeratu dira. Emakume horiek dira Kukuxumusuk egun berezi horri begira diseinatutako kamisetaren ardatz nagusia. Argazkian, gaurko aurkezpena / © Eusko Ikaskuntza.