Uribe Kostako Mankomunitateko Osoko Batzordearen eraketa eta horrek hartu zituen erabakiak "baliogabetzat" jo ditu Sopelako PSE-EEk, bilerara aipatu udalerriko sozialisten ordezkaria deitu omen ez zutelako. Maria Teresa Fernandezek ohartarazitakoaren arabera, "berriro egin beharko da aipatu gobernu organoaren zein eratutako lan batzorde ezberdinen osaketa, parte-hartze politikoa bermatzeko, partaide guztien eskubide konstituzionalak errespetatuz". Horrela egiten ez badute, administrazioarekiko auzi prozesua zabalduko dutela adierazi du Fernandezek. PSE-EEko zinegotziak zehaztu duenez, Sopelako Udalak aukeratu zuen ordezkari Mankomunitatean, beste hautetsi eta Saioa Villanueva Bildu koalizioko alkatearekin batera. Urriaren 14ko batzarrean Anabel Landa Berangoko alkate jelkidea izendatu zuten erakundeko presidente eta Arantza Etxeberria Gorlizko alkatea presidenteorde. Azken hori EAJkoa ere bai. Argazkian, Maria Teresa Fernandez Sopelako PSE-EEko zinegotzia / © PSE-EE.