Hona ekarri gintuztenetik, orain sei hilabete luze, etengabeko probokazio eta barrabaskeriak kudeatu behar izan baditugu ere, larriena ikustaldi-eremua kudeatzen duen kartzelarien taldearen aldetik jasan behar izan duguna izan da. Azken bi hileotan, gure militantzia politiko eta armatuari egindako erreferentzia iraingarriak egin izan diete gure senide eta lagunei; bikote baten barne-ikustaldian besarkatuta egoteagatik (frantses kartzelatan ez dago ikustaldi intimoak izateko eskubiderik) ikustaldi-baimena emana zuen epailea ohartarazi eta baimena behin betirako bertan behera uztea lortu dute; senide eta lagunak aitzakia txikiena baliatuta utzi izan dituzte kartzelako atarian 900 kilometroko bidaiaren ostean; bikote baten semearekiko ikustaldi ia guzti-guztietan arazoak sortu dituzte…
Giro horretan kokatu behar dira urriaren 15eko gertaerak. Bezperan, goizetik Euskal Herritik abiatu eta Parisen barrena Lyonera iritsi zen haurrari bere gurasoekin batera egotea eragotzi zioten. Zuzendari, epaile, arduradunen oniritzia eta behar ziren baimen guztiak izan arren, ikustaldietako kartzelarien taldeak eta bereziki larunbata horretan arduradun zegoen kartzelarien buruak beraiek nahi bezala egingo zela ikustaldia erabaki zuten: haurrak ez zituen bi gurasoak batera ikusiko. Alferrikakoa izan ziren guztion ahalegin eta protestak, beraiek erabakitakoa inposatzea lortu zuten.
Ondorioak larriak izan ziren, Marixol Iparragirre bultza eta lurrera bota zuten, Jone Lozano ere bultzatu zuten, eta biei eskuburdinak atzean estu lotuta ikustaldien eremutik emakumeen ataleko zigor ziegetaraino “manu militari” eraman zituzten: airean, burua aurretik, ahoz pez, eskaileretan gora eta behera, ibilbide luzean. Biek dituzte zauri eta ubeldurak, kolpeak eta gorputz osoa minbera.
Kolektiboaren jarrera irmoak eta sendoak lortu du beren gezurrak agerian uztea, egindako gehiegikeriaz jabetzea eta Marixol eta Jone zigor-ziegetatik atera zitzaten behartzea, jarri nahi zieten zigorra bertan behera utziz.
Aipatu nahi dugu ere, emakumeen ataleko gainontzeko presoen aldetik jaso dugun elkartasun eta babes beroa. Euskal presoon aurka egindako gehiegikeriaren aurrean, zigorra erabaki behar zen tribunaletik igarotzear zeudela, emakume guztiek bazka errefusatu zuten eta ordu laurdeneko burrunbada egin zuten Jone eta Marixolen askatasuna eskatuz.
Bizi izan dugun egoera bortitz hau behingoagatik gauzak argi uzteko baliatzea erabaki dugu. Ondoko egunetan kartzelako agintariak arazoaren tamainaz jabetu dela dirudi eta aurrerantzean Lyon-Corbaseko euskal presoon eta gure senide eta lagunen arteko ikustaldiak modu eta egoera lasai eta egokian gertatuko direla hitz eman du.
Lyon-Corbaseko euskal preso politikoen kolektiboa
Mikel Albisu Iriarte
Marixol Iparragirre Guenetxea
Urko Labaka Larrea
Jone Lozano Miranda
Eider Uruburu Zabaleta
Aletxu Zobaran Arriola
Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra hainbat denboraz Algortan bizi izan da eta Aletxu Zobaran gorliztarra da.