Errektoreordeak aparkalekuko plazen %30 esklusiboki EHUko langileentzat gordetzea salatu du Ikasleen Kontseiluak. "Kontseilutik jakinarazi diogu gure ustez neurri horrek Leioako eremuko ikasleak argi eta garbi diskriminatzen dituela; horrez gain, ez dio erantzuten UPV/EHUk egin behar duenari: unibertsitateko kideen artean garraio publikoa sustatzea" azaldu du Aratz Castro Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko buruak. Halaber, Ikasleen Kontseiluak harrigarritzat jo du Errektoreordetzak langileentzat aparkatzeko "plaza onenak" gordetzea; ikasleek, ordea, "behin-behineko aparkalekuak baino ezin dituzte erabili, eta agerikoa da oso kaltetuta daudela".
"Ez da koherentea errektoreak autobusa erabiltzeko eskatzea guri, ikasleoi, eta beste alde batetik langileen artean garraio pribatua sustatze"” salatu du Castrok. "Ikasleen % 80k erabiltzen badu garraio publikoa, eta langileen kasuan, aldiz, %50ek baino gutxiagok, zergatik zigortzen gaitu ikasleok guk erabiltzen badugu garraio publikoa gehien?", gaineratu du. Bizkaiko Ikasleen Kontseiluak ez du ulertzen "lanera auto pribatuz doazen langileek nola eska diezaieketen ikasleei unibertsitatera autobusez joateko".
EHUko Ikasleen Kontseiluak bezala, Bizkaiko Ikasleen Kontseiluak ere uste du aparkalekuen politikak bat egin behar duela garraio publikoa bultzatzearekin, eta erakunde eskudunekin koordinatu behar dela. Ikasleen Kontseilu horrek campuseko garraio publikoa hobetzeko lan egingo duela azpimarratu du, baina funtsezkotzat jo du Errektoreordetzak aparkalekuen politika erabat aldatzea, eta neurriak unibertsitateko kideen arteko garraio partekatua sustatzera bideratzea. "Guk ez dugu eskatzen esklusiboki ikasleentzako aparkaleku bat, baizik eta aparkaleku horietan lehentasuna ematea autoa partekatzen dutenei. Errektoretza Taldea bera barne". Hala azaldu du Aratz Castro Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko buruak.