Arazoa ez da berria. Lyon-Corbaseko eusko preso politikoek salatu dutenez, "hona ekarri gintuztenetik, orain sei hilabete luze, etengabeko probokazio eta barrabaskeriak kudeatu behar izan baditugu ere, larriena ikustaldi-eremua kudeatzen duen kartzelarien taldearen aldetik jasan behar izan duguna izan da". Azken bi hilabeteetan egoerak ez du hobera egin. Bitartean, gatibuen "izaera politikoa ukatzeaz gain, oinarrizko eskaerei entzungor egiten jarraitu nahiago izan du" espetxeko Zuzendaritzak. Tartean, gose greban izan ziren bi aste luzez, irailean, Marixol Iparragirreri ezarri nahi dioten euroaginduaren aurka egiteko. Giro horretan kokatu dituzte bertoko presoek urriaren 15eko gertaerak.
Elkartasuna espetxe barruan
Horren aurrean kolektiboak erakutsitako "jarrera irmoa" goraipatu ere egin dute; baita emakumeen ataleko gainontzeko presoen aldetik jaso duten "elkartasun eta babes beroa" ere: "kolektiboaren jarrera irmoak eta sendoak lortu du beren gezurrak agerian uztea, egindako gehiegikeriaz jabetzea eta Marixol eta Jone zigor-ziegetatik atera zitzaten behartzea, jarri nahi zieten zigorra bertan behera utziz", azaldu dutenez. Gainontzeko presoei dagokienez, Lozano eta Iparragirre "zigorra erabaki behar zen tribunaletik igarotzear zeudela, emakume guztiek bazka errefusatu zuten eta ordu laurdeneko burrunbada egin zuten bien askatasuna eskatuz". "Ondoko egunetan kartzelako agintariak arazoaren tamainaz jabetu dela dirudi eta aurrerantzean Lyon-Corbaseko euskal presoon eta gure senide eta lagunen arteko ikustaldiak modu eta egoera lasai eta egokian gertatuko direla hitz eman du", amaitu dutenez.