"Audientzia Nazionala gerra auzitegi bat dela argi esan nagi dugu", adierazi dute gaurko kontzentrazioan. "Konponbide garai berri honetan, mota honetako epaiketak lekuz kanpo daudela ulertzen dugu eta, epaiketari gaitzespena eta atxilotu zein senideei elkartasuna adierazteko, azaroaren 4an, ostirala, 20:00etan, Telletxen egingo den elkarretaratzera deitzen zaituztegu", gaineratu dutenez. Bitartean, Egin Dezagun Bidea ekimeneko Algortako Herri Bilguneko kideek azaldu dutenez, udara arte egin bezala, Etxerat elkarteak herriko eragile eta elkarteen esku utzi ditu hileko azken ostiraletako deialdiak, "presoen eskubideen babesa herriari dagokiola" uste dutelako. Euskal preso eta errepresaliatu politikoen eskubideak babesteko konpromisoa adierazten duen kinkea eragile batetik bestera igaroko da hilabete bakoitzeko azken ostiralean, hurrengo deialdia iritsi arte. Tartean, hilabete oso bat izango du dagokion elkarteak, horren alde lan egiteko.
Behartutako erruztapenak
Algorta, Getxo eta Berangoko 11 gazteen aurkako auzian haietako 9 absolbitu eta bi zigortu zituztela zabaldu zen orain hiru aste. Josu Rodriguez eta Mikel de Gregoriori 4 urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegiaren autoa, berriz, hilaren 13an egin zen publiko. "Bake soziala hankaz gora jartzeko helburuz lehergailuak egiteko tresnak" gordetzea egozten diete biei. AAM-k, Eleak mugimenduak eta baita absolbitutako auziperatuek ere gogor kritikatu dute epaia. AAMren ustez, "tribunalak tortura balioetsi" du. Izan ere, Josu Rodriguez eta Mikel de Gregorioren kasuan, "torturaz eragindako informazioaz baliatu izanari balio juridikoa eman dio, horien bitartez, hainbat akusazio-elementu aurkitu bide zutelako".
Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez eta Aitor Cotano preso politiko getxoztarrei dagokionez, azaroaren 2, 3 eta 4an epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez. Fiskalak 8 urteko espetxe zigorra eskatzen du hirurontzat, Getxoko estrata batean Ertzaintzak aurkitu zuen leherkariz betetako garagardo kupela beraiena zela egotzita. 2008ko urtarrilaren 31ko eguerdi hartan, barril barruan 30 kilo inguru lehergai zeudela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak; baita "ETAko kideen arteko material entrega" bat zela ere. Akusazio hori, ordea, "inkomunikazioan egindako torturez sinarazitako deklarazioan soilik" oinarritzen dela salatu du, beste behin ere, errepresioaren kontrako erakundeak.
Bitartean, Imanol Beristain orain urtebete, 2010eko urriaren 22an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Segiko Uribe Kostako arduraduna izatea leporatuta. Bost egun beranduago, itzubaltzetarrak tratu txar fisiko zein psikologikoak pairatu zituela salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Harrez gero, prebentibo egoeran daukate Alcala espetxean, Getxotik 413 kilometrotara.