Pello Salaburu: "Itxaropena"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urr. 31a, 13:42

Pello Salaburu - Deia.com] Ez dut zalantzarik itxaropentsu agertu behar dugula. Gauza asko gertatu dira azken aldiotan, eta denek seinale bera ematen dute: itxaropenaren seinalea. ETAk su etena iragarri du, eta hori ametsetako berri horietako bat bezalakoa da. Egia da: norbaitek pentsa lezake holako berri baten aurrean ez dela jendea saltoka hasi, ez duela ozenki adierazi holako zerbaitek sorrarazi behar liokeen poza. Hori hala da. Beharbada, denok geunden modu batean edo bestean holako zerbaiten zain, denok espero genuen –batez ere hilabeteak zeramatzalarik ETAk isilik– hori etorriko zela. Baina nire bizitzan zerbait ikasi baldin badut hori da, betiere komeni izaten dela bi une desberdin horiek bereiztea. Argazkian, ETAko kideak jarduera armatuaren behin-betiko amaiera iragartzen / publicdomain ETA.

Adiskide batek kontatzen zidan, gogoan dut. Ezagun bat zuen, omen, postu hobe baterako izendatu behar zutena. Eta zorionak eman zizkion. Handik bi egunera eman zioten postu berri hori. Eta nire adiskideak berriz ere hartu zuen telefonoa eta berriz ere eman zizkion zorionak. "Baina nola? Herenegun ere esan zenidan gauza bera!". "Bai, hala da, erantzun zion besteak. Orduan zoriondu zintudan izendatu behar zintuztelako. Gaur zoriontzen zaitut izendatu zaituztelako. Nire adinera iristen zarenean jakingo duzu zein den desberdintasuna".

Holako zerbait, hortaz. Ba omen genekien, baina orain badakigu. Omenka genbiltzan orain arte. Orain bete da. Askotan engainatu izan gaituzte, askotan esan dute hau egingo zutela, eta azkenean kontrakoa egiten zuten. Ez da, nire ustez, oraingo kasua. Arrazoi garbi bategatik: epaileek eta poliziak egin lanari esker, ETA lurra jotzen ari zen aspalditik, eta kideak beldurrez egon dira hilabeteetan noiz atera muturra habiaren zulotik, hantxe baitzituzten zain, kanpoko aldean, ferietako eskopetariak nola egoten diren panpinen buruaren zain, berdintsu. Horregatik uste dut ez dela gauza bera oraingoa. Hau aurrera doa, ETA amaitu da, ETArekin amaitu dute, eta hori itxaropen handia da hiritar guztiontzat.

Amaiera guztiek, honek ere, antzerki lan pixka bat behar dute. Eta oraingo honetan luxuzko aktoreak kontratatu dituzte. Aieteko jauregian egin dute komedia. Sainete moduko zerbait. Edo antzeztokiko ikusleen parte hartzea eskatzen duten antzezlan horien modukoa. Korala. Hara inguratutako aktoreen artean, baziren batzuk guztiaren jakinaren gainean zirenak: zer idatzi zuen Currinek, zer idatzi zuen ETAk, bazekiten den-dena aise lehenago. Ez dute batere disimulatu. Ikusle bezala, koroan joan zirenetako batzuek ere zerbait jakingo zuten beharbada. Ezagutu dut ezezkoa eman zuenik, nahiz gertatzen ari zenaren berri izan. Beste batzuek konbentziturik zeuden ezinbestekoa zela hara joatea, joate horrek, eta han aulkietan lerroan agertzeak bakea ekartzeko bideak irekiko zituela-edo. Horretaz konbentziturik zeuden, eta ez ziren ohartzen, edo ez zuten ohartu nahi, errezelen gibelean zirela komediaren egiazko eskribauak fotokopiak egiten kazetariei emateko. Ederki erabili zituzten. Komedia hutsa. Baina amaierak nolabait ere jantzi behar dira.

Ez dakit nik komedia horrek ETAren iragarpena aurreratu duen, edo adierazpenari zalantza gabeko argitasuna eman dion. Bistan da ETA ez dela horregatik amaitu. Isilik zeraman hainbeste hilabete, aski ahuldua. Baina horretarako bakarrik balio izan baldin badu, ETAren adierazpena aurreratzeko eta zalantza gabekoa izateko (ez dakit balio izan duen, hala ere), nik pailazokeria deitu dudan komedia hori ere baliagarria izan da azkenean. Orain aurrera behatu behar da. Aurrera behatu bai, baina hemen gertatu den izua ahaztu gabe. Hemen batzuek hil dute, beste batzuk gertatu dira tiroz hilak. Biktimak ezin dira zaztar ontzira bota orain. Eta biktimen artean sartu behar dira, noski, GALek eta poliziak berak zenbaitetan egin dutena, hori ezin da ukatu, nahiz kopuruak eta gertakarien garaiak erkatzen hasten baldin bagara ez dagoen kolorerik batzuen eta besteen artean. Hori guztia ongi idatzi behar da. Aurrera, atzekoa ahaztu gabe.

Baina aurrera, duda gabe, guk bezala pentsatzen ez duen jendea ere aldamenean dugula zinez onartuz. Mundu horrek lana izango du herrietan gertatzen diren hainbat jarrera onartezin (eta aski da horretarako telebistan esaten dutena entzutea) bideratzeko, demokraziaren abezea ikas dezaten. Mondragoiko zinegotzi sozialistek hor segituko dute, zigortuak? Ikusten dituzten bakoitzean listukada bat botako diete aurpegira? Elorrioko gazte hori izerditan hasiko da PPko zinegotziarekin gurutzatzen den bakoitzean? Kanpokoek aukeratu dutela esango dute? Balio diferenteko botuak daudela herrian? Hori segituko dute pentsatzen? Jarrera horiek biziki kezkagarriak dira, eta ez diote mesederik egingo aurrera trabarik gabe behatzeari. Sortu duten munstroak ez baditu azkenean denak irensten...

Itxaropenak funtsa baldin badu, koherentzia ere behar dugu izan orain. Presoak sakabanatu zituzten ETA ez indartzeko. Baina ETA indarrik gabe gelditu bada, eta berak onartzen badu ofizialki hori hala gertatu dela (jantzi moduan jantzi duela ere), bada garaia kontu horri ekiteko, eta arazo horren inguruan behar diren neurriak hartzen hasteko. Itxaropena, ororen gainetik.

Pello Salaburu EHUko errektore ohia eta Euskal Filologiako katedradunak pasa den larunbatean "Deia" egunkarian argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun