Azken hiru urtetan bezala, Adela Andikoetxea Urdulizko baserritarrak barazkien saria irabazi egin du gaur, urriko azken astelehenean ospatu den Gernikako azokan. Aurten 277 saltoki izan dira bertan. 2010ean 353 izan ziren. Udaltzaingoaren arabera, 120.000 lagun inguru batu da azokan. Iaz baino 20.000 gehiago. Urtero legez, hainbat lehiaketa egin dira: esan bezala, barazkiena Adelia Andikoetxea urduliztarrak irabazi du, frutena Gatikako Jose Etxeberriak, eztiarena Kortezubiko Javier Larrinagak, txakolinarena Larrabetzuko Etxano-Jauregi upategiak, loreena Gernikako Mari Carmen Arzibarrek eta gaztarena Elgoibarko Mausitxa elkarteak, besteak beste. Enkantean, berriz, gazta erdiagatik 6.200 euro ordaindu ditu Morgako jatetxe batek. Argazkian, barazkien postu bat Algortako San Lorentzo azokan, Andikoetxearentzat lehenengo azoka izan dena.