Ezabaketa kanpaina bihar abiatuko du EHEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko aza. 2a, 15:23

Urteroko Ezabaketa Astea aurkeztu du gaur Iruñean Euskal Herrian Euskaraz erakunde euskaltzaleak. Aurtengo edizioak "Ezabatu eta euskaraz bizi!" izango du leloa, asimilazioa eteteko beharra azpimarratu nahi duena. Horrela, egoera politiko berrian, "herri euskaldunarentzat benetako konponbidea" eskatu dute Igone Lamarain, Unai Larreategi eta Nestor Esteban EHEko kideek. Ekimena bihar abiatuko da eta asteko iraupena gaindituko du, Espainiako zein Frantziako hauteskundeak bitartean mantentzea proposatu baitu EHEk. Uribe Kostan bezala, erakundeak talderik ez duen herrietan, "ekimen hau norberak propio bihurtuz eta zapalkuntzari margo eta koloreekin erantzunez" jokatzea eskatu dute. Argazkian, aurkezpenaren irudi bat / © EHE.

EHEren oharra

Asimilazioaren aurrean… Ezabatu eta euskaraz bizi!

Azkeneko asteetan gatazka politiko eta armatuaren konponbidearen inguruko iritzi asko entzun ditugu Euskal Herrian. Baina oso iritzi gutxi, edo bat bera ere, gatazka politikoak herri honen izaera eta biziraupenari eragindako ondorioez, gatazka politikoak eta asimilazio prozesuak herri euskaldunari eragindakoaz.

Gatazka politikoarekin batera kokatu behar dugu, ezinbestez, herri hau menperatzeko aspaldi abiatutako asimilazio prozesua. Eta horrekin batera, noski, bizi dugun hizkuntza gatazka bera ere, eta egun espainiera eta frantsesa direla hizkuntza nagusiak euskararen herrian. Prozesu honek euskarari, euskaldunari eta herri euskaldunari emandakoa eta kendutakoa aztertu behar dugu Euskal Herriaren konponbideaz hitz egiteko garaian.

Herri euskaldunarentzat benetako konponbideari ekiteko, asimilazio prozesua gelditzean jarri beharko dugu lehentasuna. Prozesua luzea izan da, eta oraindik orain, Euskal Herria menperatzeko helburu duten espainiar eta frantziar estatuek euren esku dauden tresna guztiak darabilte. Euskarak menpeko izaera politiko eta soziala du bere lurralde osoan. Eta hizkuntza zein kultura ordezkapenarekin jarraitzeko edozein bide da zilegi: eskolak ez du euskalduntzen, eta hala ere, hirueleaniztasuna bultzatzen dute, arlo guztietan euskaldunon eskubideen urraketa etengabea da, euskarak ia ez du presentziarik lan munduan, euskaraz bizitzeko trabak baino ez ditugu ezagutzen.

Asimilazioaren aurrean, ezabatu eta euskaraz bizi!

Asimilazio prozesua gelditzean jarri behar dugu lehentasuna beraz, euskaldun bakoitzak eta herriak. Euskarari lehentasuna emanez egin behar dugu bidea. Eta egoera iraultzeko bertatik bertara adostu eta sortutako hizkuntza-politika burujabea behar dugula aldarrikatu behar dugu.

Bide horri hauspoa emateko antolatu du EHE-k bihar hasiko den Ezabatu eta euskaraz bizi ekimena. Bizi dugun hizkuntza gatazkan eta menpeko egoeraren aurrean, herri euskaldunaren zapalkuntzaren mugak eta hizkuntza paisaia kolorez zipriztindu nahi ditugulako.

Euskal Herriko paisaia linguistikoa erabat arrotza da oraindik, eta Ezabatu eta euskaraz bizi ekimena paisaia horri buelta emateko jaio da. Dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko ez dugu gauaren babesik behar. Irria eta lanerako arropak soinean hartu eta inposatzen diguten paisaia linguistiko erdalduna iraultzeko deia zabaldu nahi dugu gaurkoan. Baita EHEren ikurra ahalik eta toki gehienetan marrazteko ere, euskaraz bizitzeko bidea egiteko prest gaudela adierazteko. Euskal Herrian Euskaraz baino harago doan mobilizazioa denaren jakitun, ekimen honetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

EHEren taldea dagoen herrietan, datozen egunotan ezabaketak egiteko xedearekin egingo diren bizikleta martxa, olinpiada, kalejira eta abarretan parte hartuz. EHEko talderik ez den herrietan aldiz, ekimen hau norberak propio bihurtuz eta zapalkuntzari margo eta koloreekin erantzunez.
Data zehatzik gabe bada ere, testuinguru zehatz batean aurkezten dugu Ezabatu eta euskaraz bizi ekimena; hauteskundeen testuinguruan, alegia. Ikasturte politiko honetan bi zita elektoral biziko ditu Euskal Herriak; bihar Madrili begira abiatuko dena, eta heldu den maiatzean Parisi begira emango dena. Finean, Frantziako Asanblada Nazionaletik eta Espainiako Gorteetatik datoz herri euskalduna ukatzen zein euskaldunon eskubideon aurkako hizkuntza politika menderatzaileak onartzen dituzten erabakiak.

Ziur gaude asimilazioa bideratzen duten lege zein politikak eta jokabide sumisoak ezabatuz eta euskaraz biziz, Euskal Herri euskaldunerako bidea egiteko prest dela euskaltzale andana. Horiei guzti horiei eta oraindik euskaraz bizitzeko hautua egin ez dutenei dei egiten diegu egitasmo honetara bildu daitezen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun