Getxoko Udaltzaingoak 39 urteko A.B.H. gizon leioaztarrari Itzubaltzeta / Romon zaramontziei su eman izana egotzi dio. Pasa den asteleheneko gauean, Gobelaurre kaleko zaramarako edukiontzi batean sua zegoeneko deia jaso zuten udaltzainek. Inguruan zebiltzan poliziak bertaratu eta itzaltze-lanetan aritzen ziren suhiltzaileekin topatu ziren. Lekuko bat hurbildu eta pertsona susmagarri baten deskribapena eskaini zien udaltzainei. Gobelaurre kalean bertan agenteek "portaera susmagarriko pertsona" bat aurkitu zuten zaramarako beste edukiontzi baten ondoan, "antza denez, sugarren bat zirikatzen", bertsio polizialaren arabera. Susmagarria ezaguna zuten Udaltzaingoak aitortu duenez: "aspalditik bere atzetik dabil Polizia, antza denez Leioan nahita piztutako hainbat suterekin zerikusia eduki dezakeelakoan eta gainera jarduera horretan segitzen dueneko susmoak daudelako". Agenteek "jabetza publikoko ondasunetan kalteak ustez eragitea" leporatu diote. Argazkian, 2009ko abenduaren 6an, goizaldean, ezezagunek Leioan eragindako suteek 19 edukiontzi eta 8 ibilgailu kiskali zituzten. Gaixo psikiatriko bati leporatu zizkioten ekintzak / © Leioa.net.