Hitzartu ziren kopuruetan (166 gidari eta 182 geltoki-ikuskatzaile) desadostasunik ez dagoen arren, zuzendaritzak zer kontratu-mota egingo duen eta nor hartuko duen erabakitzeko erabili dituen moduak "urrun" daude aurtengo uztailean itundutakotik, Metro Bilbaoko LABen arabera. Sindikatu abertzalearen iritziz, horren guztiaren ondorioz, "onargarriaren muga guztiak gainditu dituzte joan den asteko bi bilera horietan zuzendaritzak sindikatuengana erakutsitako errespeturik ezak eta piztutako haserreak. Bilera amaigabeak berriro ere, 10 ordutik gorakoak, alferrik zuzendaritzaren inposizioaren eta malgutasunik ezaren aurrean".
Joan den ostegunean, zuzendaritzak akordioa betetzeko falta ziren gidarien 6 lanpostuak eta geltokietako 6ak zelan bete nahi zituen azaldu zion enpresa batzordeari, LABek jarraitu duenez. Ondoren, sindikatu guztiek, CCOOk ezik, desadostasuna adierazi zuten eta, beraien ustez, zer parametroren arabera gauzatu behar ziren argitu zuten. Ostiralean, urriak 28, berriro deitu zieten sindikatuei ezezkoa erantzuteko.
Hitzarmenaren urraketak
Ondokoak lirateke akordioaren "urraketak", LAB sindikatuaren iritziz. Batetik, "Metro Bilbaoren Araudiari jarraiki, tokirik gabeko onartuen barruko zerrendek lehentasuna dute txanda-kontratuen aldean. Enpresak proposatutako formulan 9 txanda-kontratu egingo lirateke, onartu gabeko zerrendatik pertsona bakarra izendatzen den bitartean". Bestalde, sindikatu abertzalearen hitzetan, "uztailean sinatutako akordioan jasotzen denez, 166 eta 182 kopuruetara heltzeko kontratuak iraunkorrak izango dira, eta geltokietarako proposatu diren 3k ez dute baldintza hori betetzen". Azkenik, "kontratu iraunkorrak egin nahi zaizkien pertsonei buruz pertsonalizatzen sartu nahi ez dugun arren, argi dago ez dutela antzinatasunik eta lerrun-zerrendarik errespetatu eta, ondorioz, beste lankide batzuek baino antzinatasun eta eskarmentu gutxiagoko hiru pertsona hartuko lituzkete".
Kasualitatea?
"'Kasualitatez', horietako bat metroko zuzendari baten senide zuzena da, beste bat PSEren kargu politiko ohi baten semea eta hirugarrena salaketa eta mobilizazioetan parte hartu ez duen sindikatu bakarreko, CCOOko, afiliatua da", LABek salatu duenez. Horri jarraiki, LABek enpresa batzordeak dituen ordezkariek idatzia aurkeztu dute Metro Bilbaoren Etika Batzordean.