Bildun argi daukagu proiektu handiek ez dutela eraikin, kanpo portu edo errepide erraldoirik behar. Herritarrek egiten baitituzte erraldoi Euskal Herriko herrietan martxan jarri beharreko egitasmoak, beren parte hartzearekin, duintasunarekin eta ametsekin.
Zoritxarrez, udaletan oinordetzan utzi diguten egoerak ez digu batere mesederik egiten. Alkatetzan gauden herrietan ez hanka ez buru ez daukan egoera ekonomikoekin topatu gara; oposizioan gaudenetan aldiz, oraindik diru asko behar duten amaitu gabeko proiektu erraldoiekin.
Hala ere, lanean jarraituko dugu, nahi duguna eta, batez ere, nahi ez duguna argi daukagulako. Ez dugu merkatuaren araberako herri eredurik nahi, ezta zorpetzea handitzea suposatzen duen obra erraldoirik ere. Herriaren nahiaren neurrira egindako politikak nahi ditugu udaletan. Herritar ororen oinarrizko beharrak bermatzen dituzten politika sozialak nahi ditugu, eta beharrezkoa izanez gero, horretarako zorpetzeko prest egongo gara. Gehien daukatenei gehiago ordaintzea eskatzen duen zerga sistema nahi dugu, egoera ekonomiko larrian daudenen aldeko politika duinak egin ahal izateko. Irtenbidea bilatu behar diogu gure herrietako egoera ekonomikoari, oinarrizko errenta, lanpostu duina, etxebizitza soziala, eta herriko merkataritza, besteak beste, babestuz eta sustatuz.
Horretarako, aurrekontu parte hartzaileak bultzatuko ditugu, herrietatik eta herritarrekin elkarlanean. Datozen asteotan, herriko elkarte, eragile, udal langile zein banakoekin eseriko gara, eta ondoko galdera egingo diegu: zer nolako herri eredua nahi duzu? Jasotako proposamenak udaletara eramango ditugu, alkatetzan egon ala ez. Bildun badakigu herritarrok inongo bankero edo ekonomista baino askoz gehiago dakigula. Inork baino hobeto ezagutzen dugu gure herriko garraio sarea, plaza, liburutegia, kiroldegia, antzokia... eta horietan inbertitu behar denaren inguruan asko daukagu esateko.
Dudarik ez izan; guk ere proiektu erraldoiak jarriko ditugu martxan, porlana eta adreiluen beharrik ez daukaten proiektu erraldoiak.
Maitane Nerekan Umaran Getxoko Bilduko bozeramailea