Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Gaztetxearen aldeko plataforma eratu dute Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko aza. 3a, 21:30

Itzubaltzeta / Romoko 30 bat auzokide eta elkarteetako kidek Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak (IGL) kultur eta herri plataforma aurkeztu dute gaur eguerdian. Plataforma jaio berriaren xedea Itzubaltzeta gaztetxeak herriari egiten dizkion giza eta kultur ekarpenak mantentzea da. Horretarako, gazte zentroa balizko eraiste batez defendatu nahi dute. Izan ere, eraikina arauz kanpo dagoenez, Getxoko Udalak inguruan egitekoak diren Gobela ibaiko lanak gaztetxea botatzeko baliatu nahi dituela salatu dute Amaia Arbeloa eta Iker Marcos IGLko eledunek. Ildo horretan, lanak egin ahal izateko "gaztetxeak parking-a, ortua, merenderoa eta iturria galtzearekin" bat datoz plataformako kideak, "baina badakigu lan horiek bideratzeko ez dela gaztetxea bota behar eta are gutxiago ondoan bizi den amamaren etxea. Gainera, egungo krisi ekonomikoan gaztetxea erosteko milioi bat euro gehi eraisteak balio izango lukeena xahutzeari ez diogu ondo irizten", azaldu dutenez (mp3).

Bihar lehenengo ekimena burutuko dute, Santa Eugenia plazan 17:00etatik aurrera egingo duten adin guztientzako jaia eta aurkezpena direla medio. Bertan, besteak beste, sinadurak bilduko dituzte. Beste askoren artean, Auzokideok plataformak, Getxoko Bilduk, "Kultur Etxea bai baina horrela ez" Santa Eugenia plazako auzokideek, herriko jai batzordeak, Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak, UKBERRI.NETek berak eta ehunaka auzokidek sostengua eman diete.

Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunek emandako prentsaurrekoa

Gaurko prentsaurreko honetan Itzubaltzeta / Romoko gaztetxearen lana aintzat hartzen dugun auzokide talde batek eta hainbat elkartek Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak kultur eta herri plataforma eratu dugula iragarri nahi dugu.

Plataforma honen zergatia erraza da. Herriko gaztetxeak zazpi urte bete berri ditu. Gazte zentroak herrian kultur eta giza ekimen andana burutu du urte hauetan. Hala nola, bertsolaritza, perkusioa, txalaparta, jostura, zura, Tahitiko, Egiptoko eta Euskal herriko dantzak edota malabareak bezalako tailerrak; musika taldeentzako entsegu lokala, kontzertuak, antzezlanak, zine-forumak, hitzaldiak, informatika gela, gimnasioa; denda txikien eta etxebizitza duinaren aldeko kanpainak, behin-behinekotasunaren aurkakoa; Inauteriak, herriko jaiak, Folixa Asturiana eta bestelako ekimenetan ere parte hartzen du. Gazteon eta ez hain gazteon topagune parte-hartzaile eta aktiboa izateaz gain, Itzubaltzeta gaztetxea autogestioaren eredua da. Erakundeetatik sosik jaso gabe, eta gazteei eredu paternalistarik eskaini gabe espazio anitza eta zabala da egun.

Egun, berriz, zentro sozial okupatu hau utzarazi eta eraisteko arriskuan dago. Izan ere, Gobela ibaiaren inguruko etxaldeetan uholde arriskuak gutxitzeko lanak laster helduko dira gaztetxea dagoen Errekagane kalera. Ura agentziak azaroaren zehar egingo du fase horretako plana onartzeko batzarra. Zirriborroaren arabera, Errekaganeko lokaletan dauden gaztetxea, amama baten etxea, squat bat, herriko musika taldeen bi entsegu-lokal, gazte lonja bat eta hainbat lonja eraistea aurreikusita dute. Ikusi beharko da erabaki hori mantentzen den.

Izan ere, botatzearen arrazoia ez litzateke ibaia laupabost metro zabaldu beharra, lokalak arauz kanpo egotea baizik. Gainera, gogoratu behar da Getxoko Udalak prezioa jarri izan diola gaztetxeari. EAJk eta PSE-EEk adostutako 2010eko aurrekontuetan getxoztarrona den milioi bat euro gorde zuten gaztetxea bahitzeko. 2011n, gaztetxea eta Errekaganeko beste lursail batzuk bahitzeko dirua bikoiztu zuten.

Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak kultur eta herri plataformako kideok ados gaude Gobela ibaiko lanekin, baita gaztetxeak parking-a, ortua, merenderoa eta iturria galtzearekin. Baina badakigu lan horiek bideratzeko ez dela gaztetxea bota behar eta are gutxiago ondoan bizi den amamaren etxea. Gainera, egungo krisi ekonomikoan gaztetxea erosteko milioi bat euro gehi eraisteak balio izango lukeena xahutzeari ez diogu ondo irizten.

Gauzak horrela, eta arazo honi aldeko irtenbidea emateko asmoz, bihar, ostirala, azaroak 4, Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak kultur eta herri plataforma aurkeztuko dugu jendaurrean, plaza honetan, arratsaldeko 5etatik aurrera, adin guztientzako ekimenak batuko dituen festa dela medio.

Bestalde, honako hauek dira plataforma honi orain arte atxikimendua eman dioten taldeak:

Auzokideok plataforma, "Kultur Etxea sí pero así no" Santa Eugenia plazako auzokideak, Erromo eta Pinuetako Alaiak Jai Batzordea, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Getxoko Bildu, Itzubaltzeta / Romoko ezker abertzalea, Branka kultur elkartea, Gazte Enbata aisialdi elkartea, Presoen Lagunak, Erromotarrak futbol sala, Erromoko Hintxak, Peña Furijoko, LZPren aurkako asanblada, IGAKE, Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak, Baketazo punk&roll musika taldea, Euskalkiz Euskalki, Eztabaida Uribe Kostako gune antiautoritarioa, Koska irratia, Ukberri Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak, Txorimalo gaztetxea eta 400 auzokide baino gehiago.

Gaurko ekitaldia argazkitan



Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak plataformak kaleratutako aldizkaria

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun