"Barkamena eskatzeak" jite erlijiosoa dauka eta moralaren eremuan murgilarazten gaitu. Baina morala boteretsuak ezartzen du (Nietzsche), unean uneko legeak diktatzen ditu eta ad hoc egindako araudia da. Ez du zerikusirik etikarekin.
Barkamena eskatzen da araua ezarri duenaren balore-eskala bera ontzat eman eta bekatua/erredentzioa dinamika onartzen bada. Bestelako kontua litzateke etikaz mintzatzea, etika garaiko moralaren gainetiko balorea baita. Etikak dio erailtzea deitoragarria dela. Beti. Moralak, aldiz, gaitzetsi dezake guardia zibil bat hiltzea eta txalotu Bin Laden edo Muamar al Gaddafi asasinatzea. Moralak ideologia bati erantzuten dio, etikak ez.
Beraz, utz ditzagun barkamen-eskeak eta onar dezagun eragindako mina, horretarako nahikoa baita lekualdatze-ariketa egitea: norbera bestearen lekuan jarri eta hurkoa norberaren tokira ekarri. Eta, espazio berritik zintzo begiratuz gero, berezkoa da arerioaren ikuspuntua ulertzea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.