Polizia operazioa abuztuan abiatu zen, Gorlizko etxebizitza batetik kokaina saltzen omen zuten 34 eta 24 urteko senar-emazte kolonbiarrak antzeman zituenean Ertzaintzak. Bi urtez, droga, “Manolos” izeneko zapatetan itxura emanda Kolonbiatik ekartzen zebiltzala ondorioztatu zuten poliziek, ikerketen bitartez. Baita gizona sareko "burua" zela ere. Herrizaingo Sailak dioenez, bera arduratzen zen Kolonbian kokaina ematen zioten pertsonekin harremanetan jartzean eta, bikotekidearekin batera, hegazkinez droga ekartzen zuten pertsonak bilatzeaz. Gurean, 29 urteko gizonezko bat, espainiar nazionalitatekoa, zen banatzaile nagusia; Kolonbiako 38 eta 28 urteko bi pertsonen laguntzaz.
Atxiloketak
Joan den ostiralean, urriak 28, sareko buruak eta bere emazteak azken droga bidalketa jaso eta, hori salduta, Kolonbiara bueltatuko zirela igarri zuten poliziek. Hori dela eta, ustezko bi laguntzaile kolonbiarrak atxilotu zituzten Zierbenako Arena auzoan, A-8 autopistatik jarraika ibili ostean. Horiei sareko buruak emandako kokaina kilogramo bat hartu ei zieten. Asteburuan zehar, ustezko burua eta bere emaztea harrapatu zituzten Sopelan; eta banatzaile nagusia omen zena Santurtzin.
Azkenik, azaroaren 1ean, Bartzelonako Prat aireportura joan ziren ertzainak, Guardia Zibilarekin batera, Kolonbiatik zetorren 27 urteko emakumea atxilotzeko. Herrizaingo Sailaren arabera, bideo-jokoen kontsola bi, bozgorailuak eta kablerik gabeko routerra zeramatzan ekipajean. Eta horien barruan kokaina hiru kilo, polizia iturriek diotenez.