Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez eta Aitor Cotanori 16 urteko espetxe zigorra jartzea eskatu zuen joan den asteazkenean Blanca Rodriguez fiskalak. Hasiera batean, lehergaiak gordetzea leporatzen zieten hiru preso politiko getxoztarrei, 8 urteko kartzelaldia eskatuz. Atzora arte Espainiako Auzitegi Nazionalean egin zitzaien
epaiketan, ordea, Abrako Erret Itsas Klubaren kontrako atentatu saiaketa egozten diete gazteei, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Rodriguezen arabera, 2008ko urtarrilaren 31ko eguerdian, Ertzaintzak Getxoko estrata batean leherkariz betetako garagardo kupela aurkitu izana zapuztu zuen asmoa. Barril barruan 30 kilo inguru lehergai zeudela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak; baita "ETAko kideen arteko material entrega" bat zela ere. Abrako Itsas Kluba urte bereko maiatzaren 19an zartatu zuen erakunde armatuak. Bitartean, Goikoetxeak, Gutierrezek eta Cotanok beraien abokatuen galderei baino ez zieten erantzun, inkomunikazio aldian sinarazitako deklarazioak "Guardia Zibilaren esku pairatutako tratu txar eta torturen ondorioz" izan zirela esateko. Horixe bera salatu zuten atzo dozenaka lagunek Algortako Telletxe plazan egindako kontzentrazioan. Argazkian, urriko azken ostiraleko elkarretaratzean ere salatu zuten epaiketa Algortan / cc-by-sa
Algortan Egin Dezagun.