Larunbatekoa tentsio eguna izan bazen, igandeak ura ateetaraino ekarri die Gobela ibaiko auzokideei. Euriak egun osoan zehar gogor ari ostean, 20:00ak aldera, Gobela hainbat gunetan atera zen ubidetik, arazo larrienak Larrañazubin sortuz. Auzokideek azaldu dutenez, hainbat etxebizitza ureztatuta gelditu ziren bertan, urak lurretik metro erdiraino igo zela. Kike Prada Gobela ibaiak kaltetutakoen elkarteko presidenteak salatu du bertako auzokideak "bakarrik utzi" dituztela, "inork ez die eta laguntza edota ostatu ematea eskaini". Era berean, kalteak izan ziren Zubilleta, Jolaseta, Larrañazubi eta Neguri Langilen, etxebizitza bakanen batean, ataritan, lonjatan, ortuetan eta garajeetan. Toki batzuetan, Getxoko Udaleko zerbitzuek ura erretiratu zuten ur-ponpak erabiliz. Beste kasu batzuetan, berriz, auzotarrek beraiek bilatu behar izan zituzten ura kentzeko bitartekoak. Hori dela eta, Pradaren ustez, Getxoko Larrialdi Plana "paper bustia" da. Bestalde, ur-poltsak sortu dira Makaleta etorbidean, Fadura polikiroldegiaren aurrean, eta errepidea itxi zuten Aiboatik Salsidura. Kiroldegia ere hustu egin zuten. Azten urteotan egindako zubi berriek ez bezala, Fadurakoak oztopo egin zion urari, beste behin ere. Auzokideek hamaika aldiz eskatu dute berau ahalik eta lasterren aldatzea baina Ura agentziak ez du premiazko lanen artean kokatu. Argazkian, Neguri Langileko auzokideek etxebizitza batetik ura ateratzeko tresnak eskatzen.