Botatako euria eta hori izan den denbora kontuan hartuta, “URAk lanak egin ezean kalteak oraingo honetan hondamena 2008koa baino askoz handiagoa zatekeen”, udal agintariaren ustez. “Argi dago –nabarmendu du– obra horiek eragina izan dutela Zubilleta eta Neguri aldean, baina argi dago ere berme osoa URAren proiektua guztiz gauzatzearekin iritsiko dela. Jakin badakigu orain lehentasuna Errekaganek duela baina egia da ere, berdin-berdin, hura bezain garrantzitsua dela Faduran jardutea ere”, esan du azkenik Landak.
Balantzea
Une honetan, Fadurako udal kiroldegian euriaren eraginez kaltetuak izan diren instalazio batzuk itxita daude ur berorik ez daukatelako, hala nola, igerileku olinpikoa eta eraikin nagusiko aldagelak. Kirol ikastaroak, berriz, normaltasun osoz ari dira ematen. Eta igeri egin nahi duten pertsona guztiek barruko igerilekuak erabil ditzakete. Arratsalderako instalazio guztiak erabilgarri izatea espero dute.
Balantze gisara, udal iturriek aipatu dute, atzo gauean, Larrañazubin, Udaltzaingoak pertsona bat atera zuela urak kaltetutako lau etxebizitzetako batetik, ura sartu zelako barrura. Pertsona hori Larrañazubi herri ikastetxera eraman zuten. "Halere, udal zerbitzuetatik aipatu etxebizitzetako gainontzeko pertsonei beste leku batzuetan ostatu eskaini zitzaien", gaineratu dutenez. Getxoko Udalak kaltetutako etxeetako bizilagunei hezetasun-kengailuak utzi dizkie.
Negurin, Ezki, Akaziak eta Makaleta kaleetako hiru atalondoetan ura 20 zentimetro inguruko mailara arte sartu zen. Salsidu Etorbidean ura atalondo bateko galdara-gelara heldu zen zirkuitulaburra eraginez.
Arene Azpi kalean 4 garajetan eta Makaleta Etorbideko beste batean eta soto batean sartu zen ura.
Udal arduradunek gogoratu dutenez 2008an 70tik gora lagun etxez aldatu behar izan zituzten; hogei etxebizitza inguru eta 6 saltoki kaltetuta geratu ziren; 45 komunitateetako garajetan ura sartu zen eta bi ikastetxe itxi egin behar izan zituzten.