Hauteskunde bulegoa zabaldu du Amaiurrek Sopelan

Azaroaren 20ko Espainiako Estatuko hauteskundeei begira, Amaiur koalizioak informazio bulegoa zabaldu du Sopela erdigunean, Gambrinus tabernaren ondoan. Aipatu dutenez, bertatik dinamizatuko dituzte kanpainan zehar egingo dituzten ekimen guztiak. Hartara, bertatik pasatzeko gonbitea luzatu dute. Besteak beste, ostiral honetan, azaroak 11, Sopelan egingo dute eskualde mailako ekitaldi politikoa. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Udaletxeko plazan; udal pilotalekuan euria izatekotan. Atzo eguerdian, berriz, Algortako Telletxe plazan egin zuen mitina ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek osatutako hautagaitzak. Eguraldi oso txarra egin bazuen ere Edurne Gomuzio eta Laura Mintegi –azken hau algortarra– hautagaiek hitza hartu zuten. Argazkian, Sopelako informazio bulegoa / © Sopela.net.

Azkenik, larunbat honetan, azaroak 12, Donostiako Belodromoan ekitaldi nazionala egin du Amaiurrek eta bertara joateko Uribe Kostatik autobusak antolatuko dituzte. Sopelatik eguerdiko 14:45ean elizatik aterako da eta aurretiaz bulegoan izena eman beharko da. Ahalik eta lasterren egitea gomendatu dute.

Edurne Gomuzioren hitzak Algortan (© Sopela.net)



Laura Mintegiren hitzak Algortan (© Sopela.net)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun