Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Itzubaltzeta / Romoko preso politikoa berriro eraman dute Valladolidera, Burgosetik pasa ondoren, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Gonzalo
larri gaixorik dagoen ama bisitatzera eraman zuen etxera urriaren 14an Ertzaintzak, segurtasun neurri handien artean. Amarenera sartzean zein alde egitean, animo oihu eta txalo artean jaso zuten 50 bat senide, lagun eta auzokidek. "Langraitzen izan dute ordudanik. Baina, orain berriro urrundu dute, sakabanaketa politika ankerrari jarraiki, eta Valladolidera eraman, Villanublako espetxera. Villanubla Getxotik 303 kilometrotara dago", salatu du errepresioaren kontrako erakundeak. Getxo irratiko eta Egin irratiko kazetari izandakoa 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. "Kitxu"-k hainbat liburu idatzi ditu espetxean. Argazkian, urriaren 14ean, ama ikustera etxera eraman zutenean.