Hamabigarren Udagoieneko Ostera sei emanaldik osatuko dute, Bizkaiko beste horrenbeste udalerritan: Bilbo, Urduliz, Balmaseda, Ermua, Getxo eta Barakaldo. Oso herri ezberdinak dira tamainaren zein egoera soziolinguistikoaren ikuspegitik, baina ekimenak erakutsi nahi du guztietan ere badela euskarazko kultur eskaintzarako lekua. Udagoieneko Osterak kalitateko eskaintza erakargarria egin nahi du, aisialdia euskaraz gozatzeko aukerak zabaltzeko asmoz. Topagunetik nabarmendu dutenez, “euskararen erabileran eragiteko, funtsezkoa da hizkuntza gozamenarekin, lotzea, eta horretarako oso eraginkorrak dira Ostera bezalako zirkuituak”. Euskara Elkarteen Federazioaren ikuspuntutik, zirkuitu egonkor honek euskara eta kulturgintza lotzen ditu, “elkar elikatzeko bideak irekiz”.
Bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Josune Ariztondok, Udagoieneko Osteraren izaera askotarikoa azpimarratu du, baita ekimen honek duen izaera estrategikoa ere: “Kalitate handiko ikuskizunen bitartez bizkaitarrei urtero gozamenerako eskaintza euskaldun zabal eta erakargarria luzatzen diegu”. Topagunetik ere azpimarratu dutenez, “era guztietako hartzailearen beharrak asetzeko moduko programazioa sortzeko ahalegina egiten dugu”.
Sarreren zozketak Internet bidez
Topagunearen ingurukoak Internet bidez jarraitzen dituztenei Udagoieneko Osterako emanaldiak dohainik ikusteko aukera emango diete aurten. Hasteko eta behin, bost lagunek Osterako hiru emanalditara joateko bina sarrera lortu ahal izango dute. Horretarako, Udagoieneko Ostera 2011ren orrialdera joan eta bertan dagoen galdetegia betetzea baino ez dago. Zozketa azaroaren 10eko goizean bertan egingo dute datuak bete dituzten guztion artean. Euskara Elkarteen Federazioa Twitter bidez jarraitzen dutenek ere aukera izango dute Osteraren hainbat emanalditarako sarrerak lortzeko. "Hurrengo egunotan zabaltzen ditugun txioak arretaz irakurri zer egin behar duzuen jakiteko!", aipatu dutenez.