Hilaren 20an izango diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak jomugan, bihar, asteazkena, hauteskunde ekitaldia Algortan egingo du PSE-EEk. Alderdiak jakinarazi duenez, Dimas Sañudo Senaturako hautagaiak hartuko du parte Telletxe plazan burutuko duten arrosa banaketan. Aurretik senatariak adierazpenak egingo dizkie komunikabideei. Dimas Sañudo orain dela lau urte eskuratu zuen Senatuko jesarlekua Bizkaitik eta leku beretik mantentzen saiatuko da. 1952an jaio zen, Kantabriako Valle de Ruesga herrian eta lanbidez administratiboa da. Halere,1987tik aurrera kargu publikoetan aritu da. Urte horretan hasi zen zinegotzi Bilboko Udalean. Hamar urte beranduago, EAJ eta PSE-EEren arteko hitzarmenari esker, Udal Gobernuan sartu eta Hirigintza Arloko ardura bereganatu zuen, bi urtez. 2004ra arte, zinegotzi soil gisa jarraitu zuen, Feve tren enpresa publikoan presidente izendatu zutenera arte. 2008an, Madrilerako jauzia eman zuen. Argazkian, Sañudo eskuinean, Madina eta Pastorrekin Gallartan emandako mitinean / ©
Bizkaiko PSE-EE.