Algortako Gazte Asanbladako (AGA) kideek UKBERRI.NETi azaldutakoaren arabera, gertaeren egunean, Errekaldetik metrora zihoazela Casilla parean agertu zitzaien atzetik ertzainen autoa. Kotxea espaloira sartuta zuzenean joan ziren auzipetutako mutilarengana, hura identifikatzeko asmoz. 15.108 zenbakiko agentearen hitzetan, "txistua bota, hatza erakutsi eta 'zipaio putakumeak' deitu" zien gazteak, leihatilak itxita zeramatzatela aitortu arren. "Hori guztia atzetik agertuta, gatza", adierazi dio Andoni Hernandez abokatuak. Errekaldetik Casillarantz beharrean, gertaeren unean, patruila-autoan "behetik gora motel-motel" zihoazela esatera ere heldu da ertzaina. Bitartean, agenteei "zoratuta zaudete, lotsagabe halakoak!" bota ziela aitortu du identifikatutako neskak. Ez, baina, "mutilaren identifikazioa oztopatu eta gainontzeko gazteak polizien aurka altxarazteko", ertzainak berak eta fiskalak ulertzera eman nahi izan dutenez. "Bera eta bere lagunen osotasun fisikoa arriskuan" ikusi zuelako baizik.
Neurrigabeko isuna
Euskaraz egindako deklarazioan, auzipetuek beraiek adierazi diote epaileari "lanik ez" daukatela eta "gurasoen etxean" bizi direla, fiskalaren galderei erantzunez. Hori dela eta, horren isun handia eskatzea aurpegiratu dio akusazioaren letraduari neska-mutilek abokatuak. Hilabete eta erdiz, eguneko 7 euroko kalte-ordaina ezarri nahi diete. "Agintaritzako agenteenganako begirune eta errespetu falta dela eta, Legeak aurreikusten duen zigorrik handiena, gazte hauek aurrekari polizialik ez duten arren", Hernandezek aipatu duenez. Gauzak horrela, zigorra egotekotan, isuna arintzeko eskatu du. Bitartean, inondik inora ez da aipatu gaurko epaiketan, gertaeren egunean, patruila autoa gelditu ostean "istiluen kontrako" furgoneta bat heldu zela eta, bildutakoen korrikaldiak tartean, "pare bat pilotakada ere jaurti" zituztela.