Iñaki Prego Metro Bilbaoko kontseilari ordezkariak azpimarratu zuenez, Zuzendaritzak uztailaren 11an langileekin hitzartutako akordioa betetzeko "asmo sendoa" izan du "une oro". Akordio horren arabera, enpresak 166 langile berri kontratatu behar zituen trenak gidatzeko eta beste 182 lagun geltokien ikuskaritzarako. Hori dela eta, Lan Ikuskatze erakundea edo "bestelako erakunde publikoa" bitartekari izateko proposamena luzatu zien sindikatuei. Pregok adierazi zuenez, "bi aldeen artean adostutako bitartekaria" izan beharko da eta behin bitartekariaren erabakia izanda, "aitzakiarik gabe" betetzeko hitza eman zuen. Zuzendaritzak argitu zuenez, "horretarako baldintza bakarra deitutako mobilizazioak bertan behera uztea izango da".
Bizkaiko herritarrak hizpide
Metroko arduradunak sindikatuak Bizkaiko herritarrei "aurrekaririk gabeko zigorra" ematen ari zaiela salatu zuen eta akordioa ezin dela erabiltzaileei "kalteak" sortzearen eraginez adostu. Pregok ziurtatu zuenez, metroko zuzendaritzaren borondatea agerian geratu da "Enpresa Batzordeari iragarritako kontratazioekin" eta Basauriko geltokiaren irekiera baino "lehenago sartu behar zuten guztiak" joan den astelehenean sartu zirela azaldu zuen, nahiz eta urriaren 31n Jaurlaritzako Ikuskaritzan greba deialdia aurkeztu "uztailaren 11n adostutako langileen akordioa eta Metro Bilbaoko barne araudia" ez dela betetzen argudiatuta.
Metro Bilbaoko arduradunak azpimarratu zuenez, sindikatuek "ez dute lanpostu kopuruak areagotzearen inguruan erreferentziarik egin, kontratatu beharreko pertsonen inguruan baizik". Hala eta guztiz ere, lan-harremanen kontseiluari inpartzialtasunez jokatuko duen kanpoko agenteren batek gatazka bitartekotza egin zezala eskatu ziotela esan zuen, "akordioa bete den ala ez balioztatzeko", baina sindikatuek "ezezkoa" eman zutela erantsi zuen.