Leire Pinedo Ekonomia eta Ogasun zinegotziak eta Bilduko bozeramaileak azpimarratu duenez, "krisia luzatzen doa eta Udalak zerbitzu publikoak bermatu behar ditu. Udalerako diru-sarrerarik nagusiena Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxaren bitartez egiten duena da, eta 2012rako gure Udalerako aurreikusitako kantitatea 2008rako onartutakoa baino baxuagoa da. Sopelak 4 urte daramatza, 2008tik, diru-sarrera beretsuekin, eta zerbitzuak geroz eta handiagoak dira. Ondorioz, ezin dugu gaitasun ekonomikoa galtzen jarraitu lehen beharrekoak diren zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko".
Esan bezala, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergak 1,13tik 1,16rako igoera izango du. Horrek %2,8ko igoera dakar, Kontsumo Prezioen Indizearen igoeraren harira. Neurri horrekin, udal diru-sarrerak 100.000 euro inguru igoko dira. Pinedok esan zuenez, "proposamen neurtu eta errealista da, udal zerbitzuak bermatzeko hartutakoa". Hala ere, ordainagiriaren kantitatea 10 euro baino baxuagoa den kasuetan ez da ordaindu beharrik egongo. Lehen 30 eurotik behera ezarrita zegoen muga.
Gehien dutenek gehiago ordaindu
Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kasuan, bataz besteko %3ko igoera onartu zen. Igoera hori mailakakoa izango da eta ibilgailuaren zilindro-bolumenaren arabera ezarriko da. Horrela, zilindro-bolumen gutxiagoko ibilgailuek, 12 eta 17 zaldi fiskal bitartekoak, %1eko igoera izango dute. Bere aldetik, zilindro-bolumen handiagoko ibilgailuei %5-7ko igoera ezarriko zaie. Halaber, gutxien kutsatzen duten ibilgailuek hobariak izango dituzte: CO2 gutxien isurtzen dutenek %50eko jaitsiera izango dute eta ibilgailu elektrikoek %75ekoa. Pinedok adierazi zuenez, lehen "ez zen berdintasunezko banaketa egiten, altua zen zilindro-bolumen gutxiagoko ibilgailuentzat eta baxua zilindro-bolumen handiagokoentzat. Horrela, zilindro-bolumen gutxiagoko ibilgailuentzat zegoen tarifa Getxoko Udalekoa baino altuagoa zen. Kontua ez da dirua biltzea, biltzeagatik. Kontua da gehien dutenek gehiago ordaintzea".