Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskara Batzordeko bilkuran eztabaidatu zuten urriaren 28an, Plentziako Foru Egoitza zegoen orubeari buruz Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Aipatu tokia aldi baterako aparkaleku bihurtzea eskatu zuen koalizio independentista eta soberanistak. EAJk eta PPk, baina, bat egin zuten eskaera atzera botatzeko orduan. Plentziako Bilduk salatu duenez, "EAJk, era ulertezinean, udal talde jeltzaleak irailaren 29ko osoko bilkuran erabaki zuenaren aurka bozkatu du, Plentzian aparkalekuen beharra ez dagoena esanez". Izan ere, egun horretako udal batzarrean, Plentziako Independenteek, EAJk eta Bilduk aho batez erabaki zuten egoitza zegoen orubea Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzea aldi baterako, Udalak aparkaleku bezala erabili ahal izateko. Argazkian, foru egoitzaren eraisketak utzitako orubea / cc-by Bildu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!