Orain dela zenbait aste Lamiakoko Plan Berezia behin-behinean onartu zuen
Leioako Udalak. Egitasmo horrek garai bateko lantegien eraisteak sortutako gune hutsak garatuko ditu. Halaber, azkenaldian, Eneko Arruebarrena EAJko alkateak "zenbait komunikabideetan kanpaina bat hasi du, bere ustez, Lamiako hobetuko duen plan horren ustezko alde onak goraipatuz",
Bilduk azaleratu duenez. Koalizio independentistak eta soberanistak ez du iritzi berbera: "Ez dugu uste horrek Lamiako beharrei erantzuten dienik. Bai, ordea, lurren jabe Bruesa enpresaren beharrei. Plana aurreko udalbatzak onartutako HAPOaren aldaketatik sortutako zentzugabekeria dela uste dugu". Bilduren aburuz, egitasmo horrek "ez du auzoa hobetuko, hormigoi gehiago ekarriko du eta ez ditu gune publiko eta eremu berdeak sortuko". Gauzak horrela,
alegazioak (pdf, espainolez) egin dizkiote Lamiakoko Plan Bereziari. Bertan, ustezko irregulartasun tekniko ugari jaso dituzte. Argazkia: © Leioako Udala.