Larunbat honetarako, azaroak 12, beste berbatxango bat antolatu dute gure inguruko ezagutza euskaraz handitzeko Sopelako
Aitxu! eta Getxoko
Egizu! euskara taldeek. Oraingo honetan, Uribe Kosta eskualdeko mitologia ezagutzeko ibilbidea egingo dute eta, hiru leku ezberdinetan, Fredi Payak bertoko mitologiari buruzko azalpenak emango ditu. Goizeko 9etan abiatuko dira Kirikiñotik, Algortan, eta autobusa 9:15ean iritsiko da Sopelako elizara, bertokoak batzeko. Esan bezala, hiru leku bisitatuko dituzte: Lemoizko Belateko landa, Gorlizko Jentilkoba eta Sopelako Fraidemendi. Berbatxangoan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharra dago. Horretarako, sopeloztarrek 674 829 618 telefono zenbakira hots egin beharko dute. Getxoztarrek, aldiz, 619 935 541 zenbakira. Argazkian, Egizu!-ko hainbat berbalagun Baltzolan egindako txango batean / cc-by Egizu.