Uribe Kostako Mankomunitateko Osoko Batzordea eratzeko bilkura berriro deitzea erabaki dute erakundeko arduradunek, Sopelako PSE-EEk jakinarazi duenez. Urriaren 14ko batzarrean hartutako erabakiak
baliogabetzea eskatu zuen alderdi horrek, bilerara aipatu udalerriko sozialisten ordezkaria deitu omen ez zutelako. Horrela egiten ez bazuten, administrazioarekiko auzi prozesua zabalduko zutela adierazi zuten. Maria Teresa Fernandez Sopelako PSE-EEren bozeramailearen arabera, "egindako akatsa onartzea beste aukerarik ez zitzaion geratzen EAJri". Udal sopeloztarrak Fernandez aukeratu zuen ordezkari Mankomunitatean, beste hautetsi bat eta Saioa Villanueva Bildu koalizioko alkatearekin batera. Urriaren 14ko batzarrean Anabel Landa Berangoko alkate jelkidea izendatu zuten Uribe Kostako Mankomunitateko presidente eta Arantza Etxeberria Gorlizko alkatea presidenteorde. Argazkian, Maria Teresa Fernandez Sopelako PSE-EEko zinegotzia / © PSE-EE.