Azaroaren 20ko Espainiar Estatuko hauteskundeak hurbiltzen diren heinean,
Amaiurren ekitaldiak Euskal Herriko txoko guztietara hedatzen ari dira. Uribe Kostari dagokionez, gaur, ostirala, eskualde mailako ekitaldia izango da Sopelan; eta herri mailakoa Areetan. Horrenbestez, 18:00etan, Algortako Fadura kiroldegitik abiatuko da auto karabana, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek osatutako koaliziorako botoa eskatzeko. 19:30ean, berriz, Sopelako Udaletxeko plazan batuko dira independentista eta soberanistak. Eguraldi txarra izatekotan, udal pilotalekura aldatuko dute. Ordu erdi beranduago, berriz, Areetako Kale Nagusian egingo du ekitaldia Amaiurrek; Gomis erloju-dendaren ondoko plazan, zehazki. Bestalde, bihar 17:00etan koalizioak Anoetako belodromoan egingo duen ekitaldi nazionalera autobusez joateko ohiko lekuetan izena eman daiteke. Argazkian, Amaiur koalizioaren aldeko panela Algortan / ©
Getxosarea.