Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio eta Herrilan Sailak esleitu egin du behin betiko Avanzada errepidearen estaltzea hartzen duen proiektuaren idazketa. Hori horrela, egitasmoak Leioa erdialdean irekita diren trintxera bien estalketa aurreikusten du, Bulebarretik Iparragirre eta Estartetxe kaleetako biribilgunera arte, Eneko Arruebarrena alkateak aurreratu duenez. Horretaz gain, Iturribide aldean dagoen tunelaren sarreraren estaldura luzatu nahi dute, Bidekurtzio eta Kandelazubieta zonaldeetara heldu arte. Gauza bera irteeran, hau da, Lekuederreko tunelaren irteeraren estaldura ere Artatza biribilgunera arte eramatea aurreikusten da. Bestetik, proiektuaren barne dago Artatzako suhiltzaileetara arteko pasabidea egitea eta Ugarteondo zonaldeko (NH hotela, bulegoak, Gobela eraikina) irteera eta sarrera berbideratzea. "Horrela, berezko bidea izango dute zonaldeko gidariek, Avanzada hartzeko Getxora bidean inongo etenaldirik egin ez izateko, segurtasuna handituz eta trafikoa askatuz", adierazi du Arruebarrenak. Argazkia: © Leioako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!